Birziklatzea ondarrutarron betebehar bat da, baina…

P1060993

2010ean EAJ-PNVk gidatzen zuen Ondarroako Udalak Ingurumen ordenantza bat onartu zuen.

Ordenantzaren arabera, Ondarroan birziklatzea derrigorrezkoa bihurtu zen. Hauxe esaten zuen:

“Derrigorrezkoa da gaikako bilketarako edukiontziak dituzten hiri hondakinak frakzio
desberdinetan bereiztea. Beraz, batera bildutako hondakinei zuzendutako edukiontzietan ezin da birziklatzeko materialik laga.” (146. artikulua)

Ordenantza hori aurrerapauso ausarta izan zen, hondakinak banatu eta birziklatzea herritar guztion ardura dela argi esan zuelako. Geuk ere bat egiten dugu ordenantza horrekin.

Baina 4 urte pasatu dira, eta Ondarroan ordenantza hori ez da betetzen. Errefusarentzako eta zamarrentzako edukiontzietan birziklagarriak diren hondakin asko ikusten ditugu egunero: plastikoak, kartoiak, egurrak…

Hondakinen % 26 banatzen dugu bakarrik birziklatzera bidaltzeko. Zamarren gehiena erretzera edo zabortegietara bidaltzen dugu. Tartean, hondakin birziklagarri asko. Eta erretako zabor horien errautsek gure lurraldeko zabortegi desberdinetan amaitzen dute (Zallan, Larrabetzun…). Guk nahi ez ditugun zamarrak beste herri batera bidaltzen ditugu.

Argi dago hondakinak eta zamarrak batzeko gaur egungo sistemak porrot egin duela, ez duela balio. Zergatik? Kutsatzeko eta zikintzeko aukera eskaintzen duelako, kalean zamarrentzako kontenedorak zabalik lagata.

Birziklatzearen alde pauso gehiago eman nahi baditugu, kalean dauden zamar eta errefusarentzako edukiontziak kendu behar ditugu, gutxienez. Gauzak txarto egiteko aukerarik ezin da egon.

Edanda gidatzea ez da borondate kontu bat. Debekatuta dago, beste pertsona batzuen osasuna eta bizia kaltetu dezakegulako. Orduan, ez birziklatu eta kutsatzea ere ezin da izan aukera bat. Birziklatzea herritarrok daukagun eskubide eta betebehar bat da, gure zamarrak beste herri batera bidali eta besteen osasuna eta ingurumena kaltetzea ez delako eskubide bat.

Euskal Herria txikia da, eta errekurtso natural eta energetiko gutxi dauzka. Errekurtso horiek erretzen ibiltzea ez da normala. Hondakinak birziklatuta, energia aurreztea eta errekurtso horiek zaintzea lortuko dugu. Eta, bide batez, hurrengo belaunaldiei ahalik eta Euskal Herri eta planeta osasuntsuena lagako diegu.

Advertisements

Atez atekoa sistema merkeena eta ekologikoena izan daiteke Ondarroan

Lea Artibaiko Mankomunitateak egin duen azterketa baten arabera, atez ateko hondakinen bilketa sistemarik merke eta ekologikoena izan daiteke Ondarroan, gehien birziklatuko lukeena, hain zuzen ere.

Azterketaren laburpena udalaren web orrian ikus daiteke:
http://www.ondarroa.eu/eu-ES/Udala/Antolaketa/Ingurumena_aktak_hondakinak/ONDARROA%20AURKEZPENA.pdf

aa1

aa2

Arranondo aldizkarian hondakinei eta zamarrei buruz irakurritakoari erantzuna

P1070162

Urtarrileko Arranondo aldizkarian Edurne Urrestik hondakinei eta zamarrei buruz idatzitako artikulu bat irakurri dugu. Asko poztu gara, herrian zamarren arazoari buruz berbetan hasi garelako. Hainbeste urtean ahaztuta eduki dugu arazo potolo hau, eta gainez egin digu!

Urrestik bere artikuluan esaten dituen gauza batzuk eztabaidatu nahiko genituzke, eta horregatik bidali dugu idatzi hau Arranondora.

Urrestik dio Donostian ez dutela atez atekoa ipini, etxe aurrean potoak lagatzea itsusia delako.

Gure ustez Donostian gaur egun daukaten sistema da itsusi eta zikinena. Adibidez, hango Alde Zaharretik buelta bat ematen baduzue, konturatuko zarete kale guztiak zamar boltsaz beteta egoten direla, kontenedoreak gainezka. Eta Bilbora joaten bazarete, bardin. Emon buelta bat Bilboko Alde Zaharretik iluntze baten, eta ikusiko duzue.

Baina ez daukagu apartera joan beharrik. Ondarroan bertan ere panorama eskasak ikusten ditugu eguna joan eta eguna etorri. Plaza Musikako kontenedorak gainezka, Musika Eskola eta Zubi Zahar artean espaloiak boltsaz eta kajaz beteta, Artalekua trastez beteta…

Baina zamarrena ez da arazo estetiko bat bakarrik. Arazo askoz be handiagoa da. Ondarroan hondakinen %25a birziklatzen da bakarrik. Beste zamar guztia erretzera bidaltzen da Alonsotegira. Errauskailuan edo inzineradoran birziklagarriak diren produktuak erretzen ditugu, eta errauts toxikoak sortzen ditugu. Gero errauts horiek Euskal Herritik kanpora bidaltzen ditugu, zabortegietara. Geuk nahi ez ditugun zamarrak beste herri batzuetara bidaltzen ditugu.

Gainera, urtetik urtera garestiagoa da Alonsotegira zamarrak eroan eta erretzea. Aurten 190.000 eurotik gora ordainduko ditugu, duela hiru urte baino 40.000 euro gehiago!

Alonsotegin erreferenduma egin zuten, eta errauskailurik ez zutela nahi atera zen. Baina hala ere diputazioak errauskailua bertan egin zuen. Eta orain ondarrutarron eta bizkaitar guztion zamarrak eta keak aguantatu behar dituzte, euren borondatearen kontra.

Aurten Lea Artibain zamarrak jasotzeko kontratua berritu behar dela eta, Mankomunitateak ikerketa bat egin du. Eta ikerketa horretan ikusten da Ondarroan atez atekoa gehien birziklatuko lukeen eta kosturik txikiena edukiko lukeen sistema dela. Batzarretan udalak ikerketa hori erakutsi digu herritarroi.

Atez atekoa ez da Gipuzkoan asmatu, munduko beste leku askotan egiten da (AEBetan, Flandrian, Italian 15 milloi pertsonak egiten dute, Katalunian 300.000 pertsonek…), eta emaitza oso onak ematen ditu: asko birziklatu, lanpostuak sortu… Gure ustez ere Ondarroarako sistema onena izango litzateke, arrazoi horiengatik. Gainera, etxe aurrean hondakinak lagatzea oso komodoa da, adibidez Alde Zaharrean edo Kamiñazpiko toki askotan.

Edurne Urrestik dio ez duela parte hartu batzarretan. Guk parte hartzera animatzen dugu, azalpenak entzun eta iritzia emateko. Eta ulertzen ez duena batzar horietan galdetu ahalko du. Normala da hasiera batean hainbeste datu ez ulertzea, baina ordubetean entzuten egon eta gero, dena ulertzen da.

Zamarren arazoa denona da eta denon artean irtenbide bat topatu behar diogu. Bakoitzak edukiko du bere proposamena, eta proposamen bakoitzetik zeozer ikasi ahalko da. Argi dagoena da gaur egungo sistemarekin ezin dugula jarraitu, ezin gara gauzak alperrik erretzen ibili, eta birziklatu egin behar dugu. Errekurtso gutxi dauzkagu, eta ondo zaindu behar ditugu.

Ea denok batera lortzen dugun gure seme-alabei Euskal Herri eta planeta osasuntsu bat lagatzea. Seguru lortuko dugula!

P1070164